Ez eman hautatzeko Itsasoa eta Lehorraren artean. Gustura bizi naiz itsaslabarrean, Haizeak mugitzen duen zinta beltz honetan, Gizandi erratu bati eroritako ile luze honetan.
Itsasoarena maite batez ere bihotza. Inozoa, haur handi batena bezain. Orain temoso, orain ezinezko paisaiak marrazten. Lehorrarena berriz esku handi horiek ditut gogokoen.
Ez eman hautatzeko Itsasoa eta Lehorraren artean. Badakit hari fin bat dela nire bizilekua, baina Itsasoarekin bakarrik galduko nintzateke, Lehorrarekin ito.
Ez eman hautatzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean.
|